Ile-apaindegia hutsik dago. Goizeko bederatziak dira. Kan- poan euria ari du eta hotz dago. Ez dirudi ilea mozteko egu- nik aproposena. Aurpegian logura zizelkaturik daraman ile- apaintzaileak salto txiki bat eman du atea ireki dudanean. Ez zuen inor espero. Ez oraindik. Irribarrea automatikoki aurpegiratu zaio. Profesionaltasunez gerturatu eta goraino loturik daramadan berokia eskatu dit. Gogo txarrez eman diot, hotza sentitzen baitut.
–Eta? Zer izango da? Kolorea, ile-mozketa…
–Kolorea –erantzun diot lehor antzera.
–Oso ondo. Pentsatu duzu tonua?
Orain duzuna baino tonu bat ilunagoa, agian metxaren bat…
–Ez. Urdina.
–Barkatu?
–Urdina nahi dut. Ilea urdintzea nahi dut –gehitu dut gogor–. Eta moztu ere bai. Ile motz eta urdinarekin atera nahi dut hemendik.
Ile-apaintzaileak harriduraz eta penaz begiratu dio neure adatsari une batez.
Ondoren, martxan jarri da.
–Oso ondo. Nahi duzun bezala, hemen bezeroen nahiak betetzea gustatzen zaigu. Jar zaitez eroso eta berehala hasiko gara.
Ispiluaren aurrean eserita utzi nau, musika jarri eta eraldaketa gauzatzeko behar dituen gauzen bila joan da. Bakarrik eta beldurturik dagoen emakume baten isla oparitu dit ispiluak. Aurpegi txarra dut, baina, pasatutako guztiaren on- doren, ez da harritzekoa.
–Kafetxo bat nahi duzu? –galdetu dit ile-apaintzaileak sorbalden gainean estalki koloretsu bat jartzen didan bitartean.
Zarautzen jaio nintzen 1973an. Lanbidez farmazialaria naiz eta idaztea, berriz, nire pasioa da. Ideia txikiena ere gal ez dadin beti dut ondoan papera eta boligrafoa.
Betidanik idatzi dudan arren, nire lehen nobela, Tango Urdina 2003an argitaratu zen. Honen atzetik 31 Baioneta, 31 Bayonetas gaztelerazko itzulpena, Nomada eta Olivetti etorri dira. Baita haurrentzako Lapurrak dabiltza azokan eta zientzia eta literatura uztartzen dituen Dardarka ipuina ere.
Haur eta helduentzako ipuin eta nobelak idazteaz gain, herri aldizkarietan (Txaparro eta Zarauzko HITZAn) artikuluak idatzi izan ditut. Idazleak eskoletan programari eta irakurle taldeen gonbidapenei esker literaturari, sormenari, istorio eta pertsonaia eta orohar bizitzari buruz, adin ezberdinetako irakurleekin aurrez aurre hitz egiteko eta beraien gertutasuna sentitzeko aukera izan dut.
Naturaz gozatzea gustatzen zait mendian zein hondartzan. Familiarekin egotea, irakurtzea, musika entzutea edo yoga apur bat praktikatzea oso gogoko dut. Baita bidaiatzea ere.
Poza, beldurra, idazten jarraitzeko gogoa, bertigoa… Sentimendu indartsuen nahasketa bat etorri zen indarkeria eta tratu txarrak ardatz dituen lehen nobela honen sariaren eskutik.
Donostia hiria bera eta batez ere 1813ko setioa, erreketa eta sarraskia jasan zuten hiritar haien bizipenak protagonista diren nobela historiko honekin bigarrengoz “Donostia” Opera Prima saria merezi izatea bereziki polita eta hunkigarria izan zen niretzat.
Benetan berezia izan zen zientzian oinarrituriko kontakizun honekin, aitaren heriotzak eragindako saminetik sorturiko lan honi esker saria etxetik oso urrun, Sevillako Zientziaren Etxean jasotzea.
Kaixo! Nire lana gustoko baduzu nirekin harremanetan jar zaitezke.
Orain arte bakarkako lana egin badut ere, talde lana gustoko dut eta prest nago pertsona zein alor ezberdinetako egileekin elkar lanean aritzeko.